Bertsozaletasun handia dago gurean eta txorierritarrok ezin ginen Bertsolari Txapelketa Nagusira joan barik geratu. Txapelketaren finala abenduaren 13an egin zen BECen eta bertan 14.500 lagun batu ziren, txapelketa zuzenean jarraitzera. Txorierritik ehunaka lagun hurbildu ziren Barakaldora. Euskara elkarteek autobusa jarri zuten eta askok ere autoz edo beste garraio batean joan ziren.
Txapelketa Maialen Lujanbiok irabazi zuen. Emozio zeta kalitatez betetako saioan, azken buruz burukoan Amets Arzallusekin aritu zen nor baino nor, eta azkenean hernaniarrak eskuratu zuen duela zortzi urte ihes egin zitzaion txapela. Lujanbio Txapelketa Nagusia irabazi duen lehen emakumea izan da eta txapela Jose Agirre bertsolari beteranoaren eskutik jaso zuen.
Saio ederra izan zen. Lujanbio eta Arzallusek maila bikaina erakutsi bazuten ere, gainontzeko bertsolariek ere ikuskizun ederra eskaini zuten. Jon Maiak hirugarren egin zuen.
Beste alde batetik, Andoni Egañak ezin izan zuen bere bosgarren txapela eskuratu. Txapeldun handia laugarrena lotu zen eta, esana zuen moduan, aurreratu zuen ez dela berriz arituko Txapelketan.