Lankidetza-sistema eskatu dute aireportuaren eragina duten udalerriek

Aikor aldizkaria 2010ko ots. 18a, 15:58
Gorka Carro Sondikako alkateak Diputatuen Kongresuko Sustapen Komisioaren aurrean egin zuen berba, Aireko Nabigazioaren Legearen erreformaren haritik. Carro Bilboko aireportutik hurbil dauden udalerrien izenean aritu zen: Loiu, Erandio, Zamudio, Sondika eta Derio. Alkateak eskatu zuen lege berriak AENA, AESA eta udalerri kaltetuen artean lan-sistema iraunkorra eta egokia sortzeko eskatu zuen. Eta horretarako, aireportuaren etorkizunari buruzko erabakiak hartzen dituen erakunde iraunkorra sortzeko ere eskatu zuen. Esan zuen bezala, Administrazioak denbora luzea ematen du aireportuaren inguruan egin nahi diren egitasmoei erantzuna emateko, eta horrek kalte handia ekartzen dio Txorierriri, ekonomia, lan, enpresa eta administrazio mailan. Carrok beharrezkotzat jo zuen komisio iraunkorrak bultzatzeko, “arazoei aurre egiteko, eta gure udalerrietan eragina duten garraiobideen gaineko erabakietan geuk ere parte hartzeko”. Azkenik, aspaldiko galderak egin zituen, udalen ustez, oraindik erantzun barik daudelako: zarata-neurketak, hegalaldien maiztasuna eta aireportuaren ordutegia luzatzeko asmoa, tartean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).