Bata besteagaz, lezamarrok euskeraz

Aikor aldizkaria 2010ko ots. 22a, 14:39

Zorrizketan euskera alkarteak ekitaldiz eta asmoz betetako egitasmoaren bitartez helduko deutso 11. urteurrenari

Zorrizketan Lezamako euskera alkartea joan dan mendearen amaieran jaio zan, eta mende barrian emon ditu lehenengo pausuak. Herrian euskeraren erabilerea sustatea helburu dabela, hizkuntza eta euskal kulturari lotutako ekintza sorta zabala antolatu dabe horren kideek, eta alkartea Lezamako eragilerik garrantzitsuenetariko bat bihurtu da. Egunak joan egunak etorri, 11 urte igaro dira ia konturatu barik. Urteak jai-giroan ospatu behar dira, poztasunez eta harrotasunez. Eta halan hain zuzen be ospatu gura dau alkarteak 11. urteurrena. Ekitaldiak urte osoan zehar egingo dabez eta hitzaldiak, umeentzako ikuskizunak, kontzertuak, literatura lehiaketea eta bertso afaria, besteak beste, antolatuko dira. Ospakizun-ekitaldi guztietan herriko zein Txorierriko euskaltzaleen berotasuna eta atxikimendua sentidu gurako leukie. Alkarteak logotipo barria atera dau urteurrenaren haritik, eta aurrera begira hainbat helburu hartu ditu erronkatzat. Egin be, ahalegin sendoa egingo dabe Lezamako kolore guztietako jentearengana heltzeko. Ganera, gogoz egingo dabe behar, euskera eguneroko bizitzaren arlo guztietan gero eta agiriagoa izan daiten. Helburu barriei heltzeko, ezinbestekoa da atzera begiratu eta hausnarketa sakona egitea. Horretarako, bada, orain arte egindako beharra izango dabe aztergai, eta galdesorta zabalduko dabe bazkide eta herritarren artean, alkartearen ibilbidearen ganean daben eretxia ezagutzeko. Martirako antolatutako ekitaldiak Martiaren 19an, barikuan 16:00 eta 18.30: Irrien lagunak ikuskizuna, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen eskutik. Frontoian. Martiaren 23an, martitzenean 19:30: Berbaldia, Athleticen emakumeen taldeko jokalari biren eskutik. Uribarri Topalekuan. Martiaren 26an, barikuan 19:00: Mahai-ingurua, Nafarroako eta Txorierriko euskera alkarteen artean. Uribarri Topalekuan. 21:00: Bertso-afaria: Miren Amuriza, Jexux Mari Irazu, Etxahun Lekue eta Jon Maia; gai-jartzailea: Arkaitz Estiballes. Lubarrieta jatetxean. Lagatzu Zamudioko euskera alkarteagaz batera antolatua. Martiaren 27an, zapatuan 21:00: Txorierriko taldeen kontzertuak: Habemus ratas eta Auskalo non. Frontoian. Argibide gehiagotarako: 688 69 36 55