Txorierri Politeknikak Euskararen Jaia ospatu du

Aikor aldizkaria 2010ko mar. 4a, 12:38

Argazkiak: Jabier Lekerika

Euskararen Egunaren haritik hainbat ekitaldi izan genituen Txorierrin azaroaren 28tik abenduaren 3ra bitartean. Baina, aurreko urteetan bezala, Txorierri Politeknikako ikasleek eta irakasleek Euskararen Eguna otsailean ospatu zuten ikastegian. Txupinazoa goiz-goiz bota zuten eta, egun hotzak hala eskatuta, txokolatea bizkotxoekin hartu zuten. Gorputza berotu ostean, hasiera eman zieten kirol lehiaketei: areto-futbola, txingak, txapel jaurtiketa eta sokatira, banaka batzuk aipatzearren. Talde txapelduneko kide guztiek 20 euroko menua jaso zuten saritzat; eta 15 euroko menua, talde txapeldunordekoek. Horrezaz gainera, lagun birentzako asteburuko menua zozketatu zen parte-hartzaile eta ikusleen artean. Beste alde batetik, bertso-bazkaria egin zuten Fikako sagardotegian eta han Abasolo, Lazkano eta Goiriena bertsolariek saio ederra eskaini zuten. “Euskara batzordetik eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu ikasle eta irakasleei, egun zoragarri hau aurrera ateratzeko egin duten ahaleginagatik. Eta ez ahaztu euskara ez dela soilik egun bateko kontua, egunerokoa baizik”, esan dute antolatzaileek.