Basterretxeak egin du Durangoko Azokaren kartela

Aikor aldizkaria 2012ko urr. 3a, 14:57

Argazkia: Txelu Angoitia, Gerediaga Elkartea

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka 47. aldiz egingo da aurten eta Gerediaga elkarteak atzo aurkeztu zuen haren kartela. Lana Nestor Basterretxea artista polifazetikoari diseinatzeko eskatu diote. Kartel modernoa da, ez ohikoa. Aspaldi honetan, bermeotarra teknika berria lantzen dabil eta, azaldu duen bezala, hura erabili du kartela egiteko orduan. “Telebista matxuratzen denean, kolore zoragarriak azaltzen dira pantailan. Koloreei argazkia ateratzen diet eta gero hainbat muntaia egiten ditut”. Azken urteotan lehiaketa antolatu da Azokaren kartela aukeratzeko, baina oraingo honetan aspaldiko ohitura berreskuratu du Gerediaga elkarteak. Izan ere, kartela diseinatzeko Durangaldeako artistei eskatzen zieten lehen. Aurten Euskal Herri osoko sortzaileak eduki dituzte kontuan. Azoka abenduaren 6tik 9ra bitartean izango da eta, aurreko edizioen aldean, egun bat gutxiago iraungo du. “Krisiak gugan ere badu eragina. Bost eguneko azoka antolatuz gero, kalitatea galduko genuke. Beraz, ekimenak egun horietan bilduko ditugu”, esan zuen Aiert Goenaga Azokaren zuzendariak.