Institutua handitzea lehentasuntzat hartzeko eskatuko zaio Hezkuntza Sailari

Aikor aldizkaria 2010ko mar. 15a, 15:27
Azken hilabeteotan, Derioko Institutuko eta Txorierriko ikastetxeetako gurasoen elkarteak kezkatuta azaldu dira, ikastetxeok etorkizunean izan dezaketen garapena dela-eta. Izan ere, herritarren kopuruak gora egin du udalerri guztietan, eta horrek neurriak albait arinen hartzeko eskatzen du, ikastetxeok duten lekurik ezaren arazoa handitu ez dadin. Mankomunitateko Udalek hainbat batzar egin dituzte ikastetxeetako zuzendaritza-taldeekin eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, ahalik eta lasterren eraikin berriak egin edo daudenak handi ditzaten. Derioko Udalak, esate baterako, 90.000 euro eman zituen duela urtebete baino gehiago, autobia ondoan lursailak erosi eta institutu ondoan dagoen ibilgailuen parkinga bertan jartzeko. Parkinga gaur egun dagoen lursaila institutuaren handitze-obrak egiteko erabil daiteke, eta Udalak lursail hori doan utzi dio Hezkuntza Sailari. Zamudioko Udalak ere doan eskaini du lursail urbanizagarria, han institutu berria eraikitzeko. Hezkuntza Sailetik jakinarazi denez, alde batetik, Zamudion institutu berria eraikitzea aurreikusi dute; eta bestetik, Deriokoa handitzea. Lehenengoak Zamudio, Lezama eta Larrabetzuko ikasleak hartuko zituen; eta bigarrenak, Derio, Loiu eta Sondikakoak. Derioko Institutuko Zuzendaritza-taldeak, ikastetxeko gurasoen elkarteak eta Udalak gai horri buruzko informazio zehatza emateko eskatu diote Hezkuntza Sailari. Horrela, obrak noiz hasiko diren jakin nahi dute, eta Txorierriko eskola-mapa nola zehaztuko den. Era berean, gutuna aginduko da Bizkaiko Ordezkaritzara, Derioko Institutua handitzeko obrei lehentasuna emateko eskatzeko. Azaldu duten bezala, arazorik handiena hor dagoelako. Gutuna Txorierriko gurasoen elkarteek, ikastetxeetako zuzendaritza-taldeek eta alkateek sinatuko dute.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).