Ekainaren 4an, 5ean eta 6an, Literaturia euskara hutsezko literatura azoka egingo da Larrabetzun. Azoka dela eta, hainbat ekitaldi antolatu ziren apirilean, eta maiatzean ere aukera izango dugu literaturaz eta musikaz gozatzeko.
Tximintx Derioko euskara elkarteak Liburutrukea atala jarri du martxan bere blogean (http://www.blogari.net/tximintx). Bertan liburu zerrenda bat eskegi dute eta nahi duenak liburuak eskatu ahal izango ditu elkartera deituz edo idatziz. Atala maiatzaren 31 arte egongo da martxan.
Biko teatroak Larru haizetara lana antzeztuko du apirilaren 30ean, 22:30etik aurrera, Hori Bai Larrabetzuko gaztetxean. Eta maiatzaren 16an Gartzelako literatura hitzaldia izango da Jose Luis Otamendi eta Mitxel Sarasketaren eskutik. Hitzaldia Literaturaz berbetan ekimenaren barruan antolatu da eta iluntzeko 8etan egingo dute Anguleri Larrabetzuko kultura etxean.
Maiatzaren 28an, 22:30ean, Mursego eta Zurak kontzertua eskainiko dute Hori Bain, eta maiatzaren 31n literaturari lotutako ekimen bat egingo da Zamudiotorren. Azken hau Lagatzu euskara elkarteak antolatu du eta iluntzeko 8etan izango da.