Santzoka elkarteak CemenDerioRock ekimena antolatu du hirugarren aldiz. Ekimena maiatzaren 8an egingo dute, San Isidro jaien haritik.
Egun horretako ekitaldirik erakargarrienetariko bat Patinete Long Txapelketa izango da. Patinete mota honetako txapelketak egitea ez da ohikoa ez Txorierrin, ezta alboko herrietan ere. Horregatik aurreko edizioetan ikusmin handia sortu eta gazte asko bildu ziren proban, parte-hartzaile zein ikusle moduan.
Txapelketak zati bi izango ditu. Goizeko 12etatik ordu-bietara arte slalom proba egingo da institutu ondoko parkingean. Izena ematea 12:00etan egin behar da. Txapelketaren bigarren zatian euren trebetasuna erakutsi beharko dute parte-hartzaileek, eta horretarako, irristadak eta jaitsiera egin beharko dute. Izena ematea eguerdiko 3:30ean izango da. Koska Irratiko Bashatee irratsaioko lagunek musikaz girotuko dute txapelketa.
Arratsaldeko 7etan sariak banatuko dituzte, eta ostean, merienda-afaria egingo dute frontoian. Antolatzaileek mahaiak, aulkiak eta plantxa jarriko dituzte, eta koadrila bakoitzak etxetik eramango du jatekoa. Txosna ere egongo da.
Gaueko 12etan musikaren txanda izango da. Frontoian talde hauek eskainiko dute kontzertua: Mental Eraser eta beste talde bat (Derio), Perlanbaker (Zamudio) eta Ras Reguilon (Uribe Kosta). Rocka, metala eta reggaea elkartuko dira CemenDerioRock ekimenaren aurtengo edizioan.