Krisiak eragin txikiagoa du Txorierrin, Euskal Herrian baino

Aikor aldizkaria 2010ko mai. 5a, 11:19
Behargintza Txorierrik 2009. urteko balantzea eman du ezagutzera. Iazkoa oso urte gogorra izan zen krisiaren eraginez. Hala ere, gure eskualdean jasotako datuak ez dira hain txarrak izan, Bizkaia eta Euskal Herrikoekin alderatzen baditugu. Behargintzatik jakinarazitako informazioaren arabera, Txorierriko langabezia-tasa %6,35ekoa izan da 2009. urtean, eta 1,46 puntu igo da aurreko ekitaldiaren aldean. Igoera egonda ere, Bizkaian eta Euskal Herrian izandako langabezia-tasatik urrun mantentzea lortu dugu: %10,85 eta %10,2, hurrenez hurren. Era berean, iaz 1.603 lan-kontratu sinatu ziren gurean; 2008. urtean, berriz, 2.366. Beste alde batetik, 265 enpresak 816 lan-eskaintza bideratu zituzten Behargintzaren bidez. Orotara 355 langile hartu zituzten. Behargintza Txorierrik 2.695 laguni eman zien zerbitzua lau esparrutan: enplegua, autoenplegua, heziketa eta orientazioa. Lagun horietatik 755ek lehendabiziko aldiz jo zuten erakundera, eta 388 ikaslek hartu zuten parte ikastaroren batean. 2009. urtean zehar, Behargintzak 40 proiektu ekintzaile berriri eman die laguntza. Proiektuen %32,5 iaz bertan eratu ziren, eta %17,5ek tutoratze-prozesuan jarraitzen dute. Proiektuen %50 bertan behera gelditu dira. Txorierrin 18 negozio berri jarri ziren abian, joan den urtean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).