Datorren igandean, ekainaren 6an, Lezamako Txakolinaren Eguna izango da. Ekitaldia Udaletxeko plazan eta inguruetan antolatuko da, goizeko 11:00etatik 15:00etara bitartean. Iazko edizioan 2.000 pertsona inguru bildu ziren udalerrian, eta 700 litro txakolin saldu ziren.
Azokan 44 postu jarriko dira eta horietatik bederatzi izango dira txakolin-egileenak. Hain zuzen ere, honako txakolin-ekoizleek hartuko dute parte:
- Lezamakoak: Aiarza, Erdikoetxe, Abilio Hernández, Basalbeiti, Magalarte eta Garkalde.
- Larrabetzukoak: Gerediaga, Sasikoetxe eta Sasines.
Bizkaiko Txakolinaren uzta dastatu ahal izango da, oso prezio onean: lau euroren truke edalontzi bat txakolin erosteko lau txartel eta kristalezko kopa bat eskuratuko dira.
Horrezaz gainera, ohiko produktuak ere jarriko dira salgai: ogia, euskal pastela, eztia, fruta, gazta, barazkiak, eta abar. Produktu ekologikoak, loreak eta artisau-lanak ere egongo dira azokan.
Beste alde batetik, txerrikia erreko da eta pintxoak euro batean salduko dira. Umeei zuzendutako tailerrak ere antolatuko dira.