Euria egiteko itxura zuen, baina eguraldia ondo portatu zen azkenean. Joan den domekan Lezamako Txakolinaren Eguna egin zen bigarrenez, eta hori erabat arraskatsua izan zen. Herrian 1.800 pertsona inguru batu ziren eta hain gustura izan ziren, ezen azoka arratsaldeko 5etara arte luzatu baitzen. Izan ere, Lezamak gastronomia-proposamen ezin hobea eskaini zien herritarrei zein bisitariei.
Azokan Lezamako bost txakolin-egilek hartu zuten parte: Aiarza, Erdikoetxe, Abilio Hernández, Basalbeiti, Magalarte eta Garkalde; eta Larrabetzuko hiru ekoizlek: Gerediaga, Sasikoetxe eta Sasines. Orotara 700 litro txakolin saldu ziren. Horrezaz gainera, ohiko produktuak ere jarri ziren salgai eta ikusgai: ogia, euskal pastela, eztia, fruta, gazta eta barazkiak, banaka batzuk aipatzearren. Produktu ekologikoek, loreek eta artisau-lanek ere euren lekua izan zuten ekimenean. Nobedade moduan, txerriki-pintxoak eskaini ziren.
Beste alde batetik, umeei zuzendutako tailerrak antolatu ziren, eta Gurutze dantza taldeak zein dantza ikastaroan dabiltzan lagunek dantzen agerraldia egin zuten.