Helikopteroek ez dute biziguneen gainetik hegan egingo

Aikor aldizkaria 2010ko eka. 17a, 16:07

Aenak aireportuan dabiltzan helikopteroek egindako zarata neurtu eta hori ere sartu du Bilboko Aireportuaren zarata-mapan. Erakundeak mapa horren barruan dauden etxebizitzen zerrenda emateko eskatu die Udalei, bertan intsonorizazio-lanak egin ahal izateko. Horrezaz gainera, uztailean aldaketa-proposamen bat argitaratuko da Aeronautika Aldizkarian (AIP). Aldaketa-proposamen horretan hau jasoko da: segurtasun-arrazoirik ezean, helikopteroek Erandio, Sondika, Loiu, Derio eta Zamudioko biziguneen gainetik hegan egitea saihestuko dute. Zarata murriztea helburu duten beste neurri batzuk ere hartuko dira. Esate baterako, abenduaren 31tik aurrera helikopteroek aireportuko beste gune batean egingo dituzte lurreratzeak eta aireratzeak. Beste alde batetik, Ingurumenaren jarraipen-batzordeak 1.972.049 euroko diru partida onartu du, Aireportuaren Isolamendu Akustikoaren Plan barruan dauden etxebizitzak intsonorizatzeko. Dagoeneko Txorierriko 92 etxebizitzatan egin dira intsonorizazio-lanak eta horretarako 953.377 euroko presupuestoa onartu da. Gaur egun beste 108 etxetan dabiltza lanak egiten. Azkenik, eta Aenak jakinarazi duen bezala, teknikari adituek aireportutik hurbil dauden Derioko etxebizitzen teilatuak aztertuko dituzte laster, horietan hegazkinen hegaldiak duen eragina ezagutzeko.