Sondikak uholdeak prebenitzeko neurriak hartzeko eskatu dio EJri

Aikor aldizkaria 2010ko uzt. 13a, 09:08
Ekainaren 16an barra-barra ari zuen euria. Derion, esate baterako, 112 litro ur hartu ziren metro karratuko. Euritearen ondorioz gainezka egin zuen Asua ibaiak eta arazo larriak izan ziren Sondikan, Loiun, Derion eta Zamudion. Hala ere, egun horretan bizi genuen egoera ez zen berria txorierritarrontzat, aurretik ere euriteak arazo antzekoak sortu baitu gurean. Horren haritik, Sondikako Udalak eskaera bat egin dio Eusko Jaurlaritzari, uholdeei aurre egiteko neurriak har ditzan. Azaldu duten moduan, urak Ola, Sangroniz eta Torreta Bekoa hartu zituen Sondikan, hango langileei eta herritarrei oso eragozpen handiak sortuz. Uren legearen arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio uholdeak prebenitu eta horiei aurre egiteko neurriak hartzea. Era berean, ibaien bazterrak eta ubideak egoera onean daudela bermatu behar du. “Asua ibaia egoera horretan dago eta ibaia bideratzeko egitasmoa zein hori garatzeko tramiteak eta gestioak egitea Eusko Jaurlaritzako ardurak dira”. Hori dela eta, Sondikako Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio hiru hilabeteen buruan Asua ibaiko beheko tartea bideratzeko lana berriro har dezan. Horrezaz gainera, proiektuari eta horren egiteari lotuta dauden ekintza materialak, juridikoak eta ekonomikoak URA Uraren Euskal Agentziari emateko eskaera egin dio. “Eta Sondikan dauden Asua ibaiko bazterrak zein Preguntegi eta Torreta bekoa errekak udan garbi ditzan”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).