Txorierri, ezinezkoa da hobeto ibiltzea!

Aikor aldizkaria 2010ko uzt. 26a, 12:44

Aurten Euskal Herriko Harri-zulatzaileen Liga antolatu da hamabigarren aldiz. Ligari amaiera emateko, proba bi baino ez dira falta: bata abuztuaren 28an izango da Bilboko Aste Nagusian; eta bestea, irailaren 4an, Trapagaranen. Txorierri harri-zulatzaileen taldeak lan ezin hobea egin du liga osoan. Izan ere, egin diren zazpi probetatik sei irabazi ditu, eta bestean bigarren postua eskuratu du. Gainera, birritan hautsi dute ligako errekorra. Beraz, errekor hori Txorierri taldeak du gaur egun: 23 zulo eta 48 mm. Aurreko urtean bezala, Txorierri sailkapenaren buruan dago lehenengo proba egin zutenetik. Bigarren sailkatua Burdin Gazteak Ortuellako taldea da, eta hari 8 puntuko aldea ateratzen dio. Hirugarren sailkatua Kabiezes Santurtziko taldea da, eta hari 13 puntuko aldea ateratzen dio. Ondorioz, gure mutilek aukera handiak dituzte, liga berriro irabazteko. Beste alde batetik, Iñigo Aurrekoetxea eta Aitor de la Concepción Binakako Txapelketaren finalean arituko dira. Txorierriko bikoteak txapelketako markarik onena du: 17 zulo eta 24 mm.