Pintxoa euskaraz eskatu eta ahoz gozatu!

Aikor aldizkaria 2010ko uzt. 26a, 12:48

Txorierriko Mankomunitateak “AhoZgozatu” kanpaina jarriko du martxan irailean, ostalaritzan euskararen erabilera bultzatzeko. Kanpaina irailaren 19an egingo da, 12:30etik 15:00etara, eta kanpainan parte hartzen duten tabernetan merkeago jarriko dituzte pintxoak. Txorierritarrok pintxoak euskaraz eskatu eta gozatu baino ez dugu egin beharko. Izan ere, pintxoa euskaraz eskatzen badugu, hura merkeago izango dugu. Gainera, pintxoari eusten dion zotzean txartel bat egongo da atxikia, pintxoaren osagaiak zeintzuk diren azalduko duena, dena euskara hutsean. Beste alde batetik, tabernetan txarteltxoak egongo dira eskuragarri, eta nahi duenak han markatu ahal izango du, bere ustez, zein izan den pintxorik onena. Parte-hartzaile guztiak sari baterako zozketa batean sartuko dira. Kanpainari amaiera emateko, abenduan “Txorierriko pintxorik onena” saria banatuko da Euskararen Eguneko egitarauaren barruan. Final handia egingo da eta bertan herri bakoitzean irabazle suertatu diren tabernak arituko dira lehian. Kanpainan hauek hartuko dute parte: Adarve, Batzokia, Amaiketako, Mendia, Rockefeler, Txoria eta Udondo, Derion; Etorki eta Gazteleku, Larrabetzun; Lejarrene eta Oxangoiti, Lezaman; Gure Etxea, Loiu Hotela eta Batzokia, Loiun; Egarri, Batzokia eta Tindaya, Sondikan; eta Ama3 eta Errota, Zamudion.