Euskara ikastaroentzako diru-laguntzak

Aikor aldizkaria 2010ko ira. 22a, 12:52

2009-2010 ikasturtean, homologatuta dauden euskaltegi edo barnetegietan helduentzako euskalduntze eta alfabetatze ikastaroak egin dituzten txorierritarrek diru-laguntza eskatzeko aukera dute. Eskaerak udaletxeetan jarriko dira eskuragai, eta horiek urriaren 4tik azaroaren 4ra bitartean aurkeztu beharko dira, bakoitzari dagokion udaletxearen bertan zein Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan. Diru-laguntzatik kanpo hauek geldituko dira: graduondoko, doktorego, master eta karrerako ikastaroak, Boga moduko ikastaroak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak araututako irakaskuntza, HABEko euskaltegietako ikastaroak, eta IRALE, HAEE edo horiek bezalako programa espezifikoak. Diru-laguntzak 16 urtetik gorako lagunei daude zuzenduta eta eskatzaileek, besteak beste, ondorengo baldintzak bete beharko dituzte: ikastaroen orduen %90 edo gehiagoko asistentzia edukitzea, eta ikastaroa gaindituta izatea. Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntza jasotzen dutenei matrikularen %75 eta %100 bitarteko diru-laguntza emango zaie; matrikularen %50 eta %75 bitartekoa, ikasturte barruan langabezian gelditu direnei; eta %25 eta %50 bitartekoa, gainontzekoei.