Nekazaritzako produktuak ikusgai jarriko dituzte urrian

Aikor aldizkaria 2010ko ira. 27a, 10:10

Urriaren 3an Nekazaritza Azoka egingo dute bigarren aldiz Lezaman. Azoka goizeko 11etatik eguerdiko 3rak arte egongo da zabalik eta han 45 postu ipiniko dira. Besteak beste, produktu hauek egongo dira postuetan: ortuariak, fruta, ogia, euskal pastela, eztia eta nekazaritza ekologiko produktuak. Era berean, Bizkaiko txakolin, sagardo eta odolosteen dastaketa antolatuko da. Umeentzako puzgarriak eta tailerrak ere izango dira. Beste alde batetik, urriaren 17an Gastronomia eta Eskulangintzako Azoka izango dute Loiun. Azoka goizeko 10etatik eguerdiko 2:30era arte zabalduko dute, eta eguerdiko 12etan txakolin eta euskal baserriko oilaskoaren dastatzea eskainiko da. Larrabetzun Bertako Produktuen Azoka egingo dute urriaren 16an. Herrian bertan ekoiztutako ortuariak, frutak... salgai egongo dira goizean zehar, eta eguerdian herri-bazkaria egingo dute. Arratsaldean bertso-poteoa izango da.