Garitano eta Lekue, Bizkaiko Bertsolari Txapelketan

Aikor aldizkaria 2010ko urr. 13a, 10:32

Urrian hasiera eman zaio Bizkaiko Bertsolari Txapelketari. Lehenengo kanporaketa Mungiako Olalde aretoan egin da, eta irabazlea Oihana Bartra izan da. Ortzi Garitano Derioko bertsolaria ere sailkatu da txapelketarako. Derioztarrak urriaren 31n, Igorreko kiroldegian egingo den kanporaketan hartuko du parte. Saioa arratsaldeko 5:30ean izango da eta Garitanorekin batera hauek arituko dira: Eneko Abasolo, Beñat Vidal, Peio Ormazabal, Joanes Igeregi eta Miren Amuriza. Finalaurreko saioak azaroan eta abenduan izango dira: azaroaren 21ean, Durangoko Landako Gunean; azaroaren 28an, Amorebieta-Etxanoko Zelaieta Zentroan; eta abenduaren 5ean, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. Saioak arratsaldeko 5:30ean egingo dira. Etxahun Lekue larrabetzuarra Durangoko finalaurreko saioan arituko da. Lekue zuzenean sailkatu da finalaurreko horretara, 2008. urtean Bizkaiko Txapelketaren finalista izan zelako. Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala abenduaren 18an, arratsaldeko 5:30ean, izango da BEC erakustazokan.