Euri-zaparrada handiek Zamudioko Azokea hondatu eben igaz, eta aurton be euria lagun euki genduan egun osoan zehar. Halanda be, antolatzaileek aurrea hartu eutsien eguraldi txarrari eta karpa erraldoi bat ipini eben azoka-eremuan. Karpak euritik eta haizetik babestu zituan Zamudiora etorri ziran milaka lagunak. Izan be, azokea 25. aldiz egin da aurton, eta, aurreko edizinoetan moduan, erabat arrakastatsua izan da.
Ekitaldia erakusleiho ederra da nekazaritza arloko produktuak jente-aurrean azaltzeko. Edizino honetan 90 ekoizle inguruk hartu eben parte. Besteak beste, produktu honeek izan ziran erakusgai eta salgai azokan: barazkiak, txakolina, gaztaia, pastelak, lukainkak... Gainera, Bizkaiko Limusin abelgorrien txapelketea egin zen azokearen egitarauaren barruan, eta han behirik onena, zezenik onena eta ganadutegirik onena aukeratu zituen.
Sondikoztarrek be hitzordua euki dabe azaroan baserri munduagaz. Eskulangintza, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Azokeak 14. edizinoa bete dau aurton, eta bertan 60 ekoizle eta artisau batu ziran. Era berean, ganadu erakusketea egin zan.
Euria Sondikan be lagun euki eben, baina horrek ez eban eguna iluntzea lortu. Euritakoa eskuan ebela, ehunka sondikoztar animau ziran azokaraino hurbiltzen eta kanpotik etorri ziranak be asko izan ziran. Kolorea nagusi izan zen postuetan, eta, beste batzuen artean, barazkiak, txakolina, txarkuteriako produktuak eta eztia eskaini jakozan publikoari.
Idiek, behiek, oilaskoek, ardiek... helduei zein txikiei gozarazo eutseen, eta azken horreek hainbat tailerretan parte hartzeko aukerea euki eben: beira, narrua edo buztina, esate baterako. Artisauek azokara ekarritako bitxiek, zeramika-beharrek eta grabauek be ikusmin handia sortu eben publikoaren artean.