TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak Baserri Antzokia proiektuaren berri eman zuen duela hilabete batzuk. Baserri Antzokiak Txorierriko eta inguruko euskaltzaleen topagunea izatea du helburu, eta euskara eta euskal kultura edukiko ditu ardatz nagusitzat. TOTOANeko arduradunak, Mankomunitateak eta euskara elkarteak herriz herri dabiltza proiektua aurkezten eta dagoeneko informazio-bilera bi egin dituzte, bata Zamudion eta bestea, Lezaman. Bilerak oso arrakastatsuak izan dira eta bakoitzean 60 lagun inguruk hartu dute parte. Horien artean kultura eta kirol taldeetako partaideak, dendariak, herritarrak eta udal ordezkariak izan dira. Besteak beste, proiektuaren ildo nagusiak eta Baserri Antzokiaren bazkidea izateak dakartzan abantailak azaldu zaizkie bileretara hurbildu direnei. Proiektuak ikusmin handia sortu du herritarrengan eta horiek ere hainbat galdera helarazi dizkiete sustatzaileei.
Baserri Antzokiaren hurrengo aurkezpenak Sondikan eta Derion izango dira. Proiektua azaroaren 24an, iluntzeko 7:30ean, aurkeztuko dute Sondikako Kultura Etxean.
Derioztarrek azaroaren 25ean eta 26an edukiko dute hitzordua. Lehenengo bilera erdaldunei egongo da zuzenduta, izan ere, euskara ez dakitenak gure hizkuntzara eta euskal kulturara hurbiltzea ere bada Baserri Antzokiaren helburuetariko bat. Hori iluntzeko 8etan izango da Bestorrene txokoan. Eta bigarren hitzordua, hurrengo egunean, iluntzeko 7etan egingo dute Larrabarri baserrian.
Larrabetzun, azaroaren 29an egingo da bilera. Hori iluntzeko 7etan izango da Anguleri kultura etxean. Baserri Antzokiaren aurkezpena Loiun ere egingo da eta data laster jakinaraziko da.