Zorrizketan elkartea saritu dute

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 19a, 10:50

Deia egunkariak Txorierri, Uribe eta Mungialdea eskualdeei dagokien Hemendik sariak banatu ditu. Ekitaldia Sondikako Kultura Etxean egin zuten atzo. Sariak zazpi kategorietan eman ziren eta horietako batzuk Txorierriko elkarteek jaso zituzten. Horrela, bada, Kultura saria Zorrizketan Lezamako euskara elkarteari eman zioten. “Hamaika urte daramatzagu Lezaman euskara eta euskal kulturaren alde lan egiten eta hau bezalako saria jasotzea poztekoa da. Hala ere, ez dugu ahaztu nahi Txorierrin beste hiru euskara elkarte daudela. Elkarteok eta horiek egiten duten lana gogoan ditugu. Saria guztiontzat da”, esan zigun Iñaki Lekerika Zorrizketan elkartearen presidenteak. Zorrizketan elkartekoek Goronda Gane Sondikako herri ikastetxearekin partekatu zuten Kultura saria. Beste alde batetik, Gure etxea Larrabetzuko elkarteak eta Gure señeak Derioko elkarteak Gizarte ekintza saria jaso zuten. Azkenik, Turismo saria Zamudioko Nekazaritza eta Abeltzaintza Azokari eman zioten. Sariok txorierritarrok eskualde eta herritarren alde egiten duten ahalegina aintzat hartzea dute helburu.