Mankomunitateak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du Bizkaiko Farmazialarien Elkargo Ofizialarekin. Hitzarmen horren bitartez, zerbitzu berri bat jarri da martxan: sendagaiak dosifikatzeko sistema pertsonalizatua. Zerbitzua etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileei dago zuzenduta; doan da eta nahi duenak erabil dezake.
Sistema pertsonalizatuak helburu hauek ditu: gaixotasun kronikoak dituzten adinekoek, edo hainbat sendagai hartu behar dutenek, botikak hartzea ez ahaztea; botikak ez nahastea; eta sendagai barik ez gelditzea.
Erabiltzaileek, aldian-aldian, kartoizko euskarri bat jasoko dute euren farmazian. Euskarriak plastikozko zuloak izango ditu, eta bertan sendagaiak jarriko dira egunen eta hartualdien arabera (gosaria, bazkaria...). Kartoiaren atzealdean medikuak agindutako gainontzeko botikak idatziko dira (xarabeak, pomadak...).
Ontziak betetzeaz gainera, botikariak jarraipena egingo dio gaixoari, arazorik ez dagoela ziurtatzeko. Medikuek tratamendua aldatuz gero, sistema pertsonalizatu berria jasoko dute erabiltzaileek.
Sistemari esker, gaixoen farmakologia-historia zein den jakin daiteke. Esate baterako, larrialdietako zerbitzura joan behar badira, ontzi pertsonalizatua eramatea nahikoa izango da hartzen dabiltzan botikak hango medikuek ezagutzeko.