Bazen behin Txorierrin...

Aikor aldizkaria 2011ko mai. 24a, 11:13

Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Ipuin bilduma kaleratu du maiatzean. Bilduman, azken lau urteetan Txorierriko Ipuin lehiaketa irabazi duten ipuinak batu dira, baita bigarren saria lortu dutenak ere. Orotara 40 ipuinek osatzen dute bilduma eta egileek egindako marrazki originalak ere sartu dira bertan. Mankomunitateak 300 ale argitaratu ditu eta, besteak beste, eskoletara, euskaltegietara eta liburutegietara aginduko dituzte. Egileek ere jasoko dute liburu bana. Azaldu dutenaren arabera, egitasmoak txorierritarron artean irakurzaletasuna bultzatzea du helburu, baita egileek euren sormena jendaurrean erakustea ere. Gainera, bilduma oso interesgarria da eskoletarako, hori material didaktikotzat erabil baitezakete. Bestalde, Merkataritza euskalduntzen aldizkaria ere argitaratu da orain dela gutxi. Aurten programan izena eman duten saltokiak batu dituzte aldizkarian, eta gestoriekin egin den lana ere azaldu dute. Era berean, AhoZgozatu kanpainaren bigarren edizioa aurkeztu dute eta, datozen merkealdiei begira, saltokien eskura jarriko diren kartel elektrostatikoen berri eman diete merkatariei. Kartelak oso erosoak dira, dendariek erakusleihoan jarri eta handik kendu ahalko baitituzte, horiek apurtu barik. Merkataritza euskalduntzen kanpainan 110 hitzarmenkide daude gaur egun.