Nafarroara eta Damascora eraman gaitu Totik

Aikor aldizkaria 2011ko eka. 1a, 13:55
Toti Martínez de Lezea idazleak liburu berria aurkeztu du, Veneno para la corona (Erein). Zaletuek betiko osagaiak topatuko dituzte eleberrian: mendekua, jeloskortasuna, borrokak, heriotza, maitasuna.... Totik Jordana Gorriaren gorabeherak kontatu dizkigu eleberrian. Jordana gaztea zela bortxatu zuten gizon batzuek, eta handik aurrera pozoia erabiliko du bere arerioak hiltzeko. Beste pertsonaia Juana Enríquez Aragoiko Fernandoren ama da. Istorioa Nafarroan gertatzen da, XVI. mendean. Izan ere, Aragoi eta Gaztelako erreinuek 1512an inbaditu zuten Nafarroa, eta horren 500. urteurrena gogora ekartzeko, eleberria idatzi du idazleak. “Nire nobelak ez dira historikoak, baina Erdi Aroan jartzen ditut, aro hura izugarri atsegin dudalako. Gure historia ikastea gustatzen zait, eta liburuak egiteak historia ikertzeko aukera ematen dit”, esan du egileak. Liburua gazteleraz idatzi bada ere, Durangoko Azokarako aurkeztuko dute euskarazko bertsioa. Era berean, Nur umeentzako liburu-sortaren ale berri bat ere laster plazaratuko du Totik. Bildumaren seigarrena izango da Nur eta alfombra hegalaria (Erein). Nur Totiren bilobarengan dago oinarrituta eta iaz Siriara joan ziren neskatilaren aitaren familia ezagutzera. Hortaz, liburuan ere Damascora eraman ditu egileak pertsonaiak. Ale berriaren marrazkien koloreak, behintzat, ezberdinak izango dira. “Margolaria poz-pozik dabil: lehen Euskal Herria zen liburuen eszenatokia eta ondorioz, dena zen berdea; ale berrian, ordea, horiz eta marroiez margotu ahal izan du”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).