Lezamako trenbide zaharra, garbiago

Aikor aldizkaria 2011ko uzt. 13a, 12:33

Argazkiak: Patxi Diez de Ulzurrun

Hogei bat lagunek osatutako txorierritarren talde bat uztailean batu zen Sondikan, Desbrozadora Eguna ospatzeko. Ekimenak Lezamako trenbide zaharraren zati batean sastrakak-eta kentzea izan zuen helburu. Horrela, segak, aihotzak, inauskaiak, aitzurrak eta gainerako lanabesak zeramatzatela, taldeak ibilbidea egin zuen Sondikako tuneleraino. Bakoitzak erreminta bat hartu, eta tunelaren sarrera garbitzen eta inguruko sasiak kentzen ibili ziren. Lezamako trenbide zaharra berreskuratzearen aldeko mugimendua orain dela urte bi sortu zen. Mugimenduak ibilbidea atontzeko eskatzen du, handik paseatu eta bizikletaz ibili ahal izateko. Azaldu diguten bezala, proiektua Txorierriko Mankomunitatean, Bilboko Udaletxean, Bizkaiko Foru Aldundian eta Eusko jaurlaritzan aurkeztu dute eta, nahiz eta guztiek interesgarritzat jo duten, oraindik ez da ezer egin. Horregatik, Desbrozadora Egunaren bitartez arreta-deia egin nahi izan diete politikariei. Era berean, proiektua Vías Verdes Madrilgo Fundazioari aurkeztu diotela aipatu dute, eta hura presta gertu dela lanak ordaintzeko, lurrak euren eskura jartzen badira. Bestalde, datozen hilabeteetan ere hainbat ekimen egiteko asmoa du taldeak. Esate baterako, urrian ibilbide osoa egingo dute eskolako umeekin eta bidean aldez aurretik prestatutako seinaleak jarriko dituzte.