Txorierriko Ipuin Lehiaketarako lanak azaroaren 30era arte aurkez daitezke

Aikor aldizkaria 2011ko ira. 22a, 11:38

Txorierriko Mankomunitateak aurten ere, beste urteetako arrakasta kontutan hartuta, 14. Ipuin Lehiaketa antolatu du.. Dagokien kategoriaren arabera, nahi dutenek har dezakete parte: A kategoria, zazpi urtera arte; B kategoria, zortzi eta bederatzi urtekoak; C kategoria, 10 eta 11 urtekoak; D kategoria, 12 urtetik 15urtera bitartekoak, E kategoria, 16 urtetik gorakoak. Lanak euskaraz eta argitaratugabeak izango dira, eta gaia librea. Besteak beste, imajinazioa, kreatibitatea eta presentazioa hartuko dira kontuan, ipuinak ebaluatzeko orduan. Lanak ez dira lau orrialde baino luzeagoak izango, eta parte-hartzaile bakoitzak ezingo du lan bat baino gehiago aurkeztu. Ipuinak gutun-azal handi baten barruan sartuko dira, eta haren kanpoaldean kategoria eta udalerria idatziko dira. Gutun-azal barruan beste gutun-azal txikiago bat sartuko da ipuinarekin batera. Gutun-azal txikiaren barruan hauek idatziko dira: izen-abizenak, helbidea, adina eta telefonoa. Lanak liburutegietan edo Mankomunitateko Euskara Zerbitzuan aurkeztuko dira eta azken eguna azaroaren 30a izango da. Kategoria bakoitzeko sari bi emango dira; eta akzesit bi, kategoria eta herri bakoitzeko.