Murrizketa gehiago, Nafarroako komunikabideetan

Aikor aldizkaria 2011ko aza. 16a, 13:04

Nafarroako euskarazko hedabideek eta Topaguneak jakinarazi duten bezala, Euskarabideak berriro ezarri ditu murrizketak hango euskarazko komunikabideetan. Nafarroako Gobernuak 327,25 milioi euroko murrizketa egin du aurtengo aurrekontuetan eta horrek, besteak beste, eragina eduki du “Euskararen gaineko programak komunikabideetan” kontu-sailean. Horrela, bada, hedabideek %33ko murrizketa jasan dute. Euskarabideak esleitutako diru-laguntzak bi epetan ordaintzen dira, eta murrizketa bigarren ordainketari ezarriko zaio. “Hedabideok esleitutako diru-kopuruak kontuan hartuta egin dugu urteko aurreikuspena. Murrizketak aurretik jasaten ari garen egoera ekonomiko larria areagotzen du”, esan dute. “Ezinbesteko elementua gara euskararen ekosistema mantendu, indartu eta biziberritzeko. Horregatik, bada, gu babestu eta diru-laguntza osorik emateko exijitzen dugu”. Era berean, etorkizunerako hitzarmen bat lantzeko eskatu dute, Nafarroako Parlamentuak 2009an egin zuen moduan.