Tokiko hedabideek TOKIKOM enpresa sortu dute

Aikor aldizkaria 2012ko mar. 23a, 13:46

Topagunea Euskara Elkarteen Federazioaren bazkide diren 19 hedabidek eta Topaguneak berak TOKIKOM enpresa sortu berri dute. Sortzaileen artean, Aikor! Txorierriko herri aldizkaria dago. TOKIKOM tokiko hedabideen etorkizuna elkarlanean diseinatzeko tresna izango da, eta egoera berriei erantzun azkarra ematea ahalbidetuko du. Hala, hiru eginkizun nagusi edukiko ditu. Alde batetik, esparru komunak eraikitzea eta kudeatzea: publizitatea, ekoizpena, teknologia, trebakuntza, barne-komunikazioa... Bestetik, solaskidetza sendoa lortzea, euskarazko hedabideen sektorearekin eta erakundeen aurrean. Era berean, toki hedabideen integrazio posiblearen diseinua proposatzea du eginkizuntzat, eta horren inguruan adostasuna eraikitzea. Egitasmo honen bidez, barne-kohesioa lantzeaz gain, tokiko hedabideek Euskal Herri mailan zirriborratzen hasi den euskal hedabideen arteko elkarlana erraztea dute helburu, foro horretara ahots bateratua eramanez. TOKIKOMek zerbitzu mailako eginkizun zehatzak edukiko ditu: publizitate komunaren kudeaketa, tokiko hedabideentzako plataforma digital bateratua... Horretarako, baliabide propioak izango ditu eta bazkideek metatutako jakintzaz eta azpiegituraz ere baliatuko da.