Guztion ziztada behar du Berriak

Aikor aldizkaria 2012ko api. 25a, 14:42

Krisialdiak sektore guztietan du eragina, eta komunikabideak ez dira salbuespena. Berria Taldearen egoera, esate baterako, kezkagarria da eta haren berri emateko batzarra egin dute apirilean Txorierrin. Batzarrean euskara elkarteetako ordezkariak, gainontzeko elkarteetako kideak eta herritarrak batu ziren. Azaldutakoaren arabera, krisiaren eraginez, publizitatearen fakturazioa asko jaitsi da azken urte bietan, %30 hain zuzen ere. Gainera, lagun askok digitaleko egunkaria irakurtzeak salmentak behera egitea ekarri du. Faktore horiek biek egoera arriskutsuan jarri dituzte Berria Taldea, euskara hutsean dagoen egunkari bakarra, eta taldetik sustatu diren euskarazko hainbat produktu eta zerbitzu. Bestetik, laguntza publikoak ere gutxiago dira, aurten %9 gutxiago. Taldeak “Zure ziztada behar dugu” kanpaina jarri du abian, Berrialagunak edo harpidedunak hartzeko. Harpidetza interneten bidez egin daiteke (www.berria.info/berrialaguna), edo hainbat lekutan utzi diren eskuorriak betez. Berrialagun egiten denak ordainetan PDFn jasoko du Berria, baita Berrialagunearen txartela ere, txapa, deskontuak... Informazio gehiago eskuratzeko, berrialaguna@berria.info helbidera idatz daiteke, edo 94 330 40 30 telefono zenbakira deitu. Batzarrean adierazi bezala, 2003. urtean 24.000 lagunek egin zuten diru-ekarpena, Berria Taldea eta egunkaria sortzeko. Oraingo honetan 5.000 lagunen ziztada behar dute!