Garmitxaren aldeko futbol jaialdia

Aikor aldizkaria 2012ko mai. 29a, 11:06

Uritarra Larrabetzuko Futbol Eskolak Futbol 7 Txapelketa antolatu du hirugarren aldiz, kimu kategorian. Ekimen solidarioa da eta aurten batzen den dirua Garmitxa Larrabetzuko elkarteari emango diote. Elkartea erabateko elikagai-intolerantzia duten umeei laguntzeko sortu zen. Hesteetako gaixotasun arraroa da hori eta gaixoak oinarrizko formula baten bidez elikatu behar dira, euren gorputzak ez duelako inolako elikagairik onartzen. Txapelketa ekainaren 8tik 10era bitartean izango da Errebale futbol-zelaian. Barikuan, arratsaldeko 6:30ean, lagunarteko partida jolastuko dute Bizkaiko Selekzioak eta Txorierriko Selekzioak. Zapatuan, sailkapenerako partidak jolastuko dira goizean zein arratsaldean, eta herri bazkaria ere egingo da. Domekan, finalaurrekoak eta finalak izango dira goizeko 9:30etik aurrera. Txapelketan futbol talde hauek hartuko dute parte: Santutxu, Gasteizko Aurrera, Bermeo, Kabiezeseko Gazteak, Eibar, Barakaldo, Uritarra, Lauro ikastola, Danok bat, Genika, Etorki, Indautxu, Athletic, Zamudio, Baskonia eta Iturrigorri KE. Bestetik, Urritarra Futbol Eskolak zozketa ere antolatu du. Txartelak euro batean jarri dituzte salgai eta orotara hiru sari emango dira: telebista digitala, pertsona birentzako bazkaria eta Athleticen kamiseta sinatuta. Zozketa ekainaren 10ean egingo dute txapelketako finalaren atsedenaldian. Sarituak Uritarraren webgunean argitaratuko dira. Dohaintza anonimoa egiteko, dirua sartu edo transferentzia egin daiteke kontu korronte honetara: 3084 0090 29 6400005600.