TOTOAN Txorierriko Euskara Elkarteen Federazioak bultzatutako Futbola, oinarritik euskaraz liburua aurkeztu da ekainean, Bizkaiko Foru Aldundian. Futbol entrenatzaileak euskaraz trebatzeko lehen eskuliburu didaktikoa da eta terminologiaz dago josita. Bizkaiko Futbol Federakundeak antolatzen duen entrenatzaileen eskolako ikasleek erabiliko dute liburua irailetik aurrera. TOTOANez eta Aldundiaz gainera, besteak beste, Eusko jaurlaritzak, Bizkaiko Futbol Federakundeak eta Itzarri eta Kirolene enpresek hartu dute parte proiektuan.
Futbola, oinarritik euskaraz liburuak euskara normalizatzea du helburu, batez ere aisialdian, futbolean. Argitalpenak sei kapitulu ditu, eta gai hauek aztertzen dira bertan: oinarri psikopedagogikoak, lehen sorospenen eta higienearen arloko oinarrizko ezagutzak, kirolaren egitura eta legeria, kirol-entrenamenduak, oinarri anatomikoak eta oinarri soziologikoak. Liburuak oinarrizko gaiak (ikasgai komunak) jorratzen ditu, eta datorren ikasturteari begira, ikasgai espezifikoak landuko dituen lana eramango da plazara. Bigarren eta hirugarren ikastaroetara zuzendutako materiala ere argitaratuko da.
Prentsaurrekoan partaide hauek aritu ziren: Josune Ariztondo Kulturako foru diputatua; Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara sustatzeko zuzendari nagusia; Jose Angel Iribar Athleticeko jokalari ohia; Bizkaiko Futbol Federakundeko Kepa Allica; eta Itzarri enpresako Koikili Lertxundi.
Euskara