Gerra Zibilari buruzko erakusketa, Derion

Aikor aldizkaria 2012ko ira. 7a, 14:17
Derioko Udalak eta Sabino Arana Fundazioak “Nunca más: imágenes de una guerra 1936-1939” erakusketa aurkeztu dute herriko Kultur Birikan. Erakusketak Leyre Arrietak eta Miren Barandiaranek idatzitako izen bereko liburua hartu du oinarritzat, eta bertan gerra garaiko hainbat argazki zuri beltzean jarri dira ikusgai. Eta haiekin batera, baita testuak eta Txorierrin topatutako zenbait objektu ere. Esate baterako, fusilatu zuten lagun baten agur-gutuna, eta Espainiako banderari agur ez esateagatik Falangek pertsona bati ezarritako 500 pezetako isuna ikusi ahal dira. Argazkiak eta objektuak azaroaren 29ra arte egongo dira ikusgai Derion. Erakusketak edozein gudak ekartzen dituen ondorioei buruzko hausnarketa zabaltzea du helburu. Irune Zuluaga Sabino Arana Fundazioaren zuzendariak ere geure historia berreskuratzeko deia egin du. “Diktaduran edo erbestean, hainbat lagunek gordetako gauzak daude hemen, eta gustatuko litzaiguke txorierritarrek ere erakusketan parte hartzea, eta garai hartako gauzak ekartzea eta erakustea”. Erakusketaren haritik, urriaren 10ean, 19:00etan, Paco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkartearen auzitegiko medikuak hitzaldia eskainiko du Kultur Birikan. Aranzadi elkartea buru belarri dabil memoria historikoa berreskuratzeko lan egiten, batez ere, hobi komunetan dauden lurperatuak topatzen, eta haiek hobitik ateratzen eta identifikatzen. Etxebarriak ikerketa horien guztien berri emango du berbaldian.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).