“Kopleruek” taldekako bertso txapelketari barikuan emango diote hasiera

Aikor aldizkaria 2015ko mai. 6a, 09:54

Txapelketa Itallen Larrabetzuko bertso eskolak antolatu du Taket Mungiako bertsozale elkartearekin batera, eta bertan talde hauek hartuko dute parte: Larrabetzuko akarrak, Gamizko harroak, Mungiko lapurrek eta Sasilezamarrak. Taldeok plazan urte asko daramatzaten bertsolariek, etorkizuneko bertsolariek eta parrandetako bertsolariek osatzen dituzte. Izan ere, antolatzaileek adierazi diguten moduan, “Kopleruek” ez da ohiko txapelketa bat, bertsoa aitzakiatzat hartuta, besteak beste, helburu hauek dituelako: ondo pasatu, giroa sortu eta oraindik jendaurrean kantatu ez duten bertsolariei aukera ematea. Horrela, bada, ohiko ariketez aparte, beste ariketa errazago batzuk ere jorratuko dira, eta epaile publikoa bera arituko da. Orotara sei saio egingo dira. Lehenengo biak bariku honetan, maiatzaren 8an, izango dira Lezaman. Lehenengo saioa arratsaldeko 6etan izango da Oxangoiti tabernan eta han Gamizko harroak ibiliko dira Mungiko lapurren aurka. Bigarren saioa arratsaldeko 8etan egingo da. Grison tabernan, Larrabetzuko akarrak eta Sasilezamarrak arituko dira bat-batean. Hurrengo hitzordua maiatzaren 23rako, zapatuz, ipini dute Gamizen. Lehenengo saioa Alaia tabernan izango da arratsaldeko 6etan eta hauek hartuko dute parte: Sasilezamarrak eta Mungiko lapurrek. Bigarren saioa arratsaldeko 8etan egingo da Herriko tabernan eta bertan Gamizko harroak eta Larrabetzuko akarrak ibiliko dira bertsotan. Azken saioak ekainaren 5ean izango dira Larrabetzun. Lehena, arratsaldeko 6etan, Gazteleku tabernan eta han Larrabetzuko akerrak Mungiko lapurren aurka arituko dira norgehiagoka. Bigarren saioa arratsaldeko 8etan egingo da Hori Bai gaztetxean. Sasilezamarrek Gamizeko harroekin neurtuko dituzte indarrak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).