Txorierriko trenbidean aldaketak egongo dira ekainaren 1etik aurrera

Aikor aldizkaria 2015ko mar. 27a, 14:38

Ekainaren 1ean Metroaren 3. Linearen azken fasea eraikitzeko lanak hasiko dira eta horrek eragina edukiko du Txorierriko trenbidean. Eusko Jaurlaritzak lanak egingo ditu Alde Zaharrean, trena eta metroa lotzen dituen geraleku bat bertan eraikitzeko, eta bestalde, Matiko eta Ola trenez lotuko dira Artxandako tunel berritik. Lanek Zazpi Kaleetako eta Loruriko geltokien arteko zatia itxi behar izatea ekarriko dute; eta geroago moztea Olaraino luzatuko da. Ondorioz, Lezamako eta Zazpi Kaleetako geltokien arteko ohiko zerbitzua aldatuko da. Txorierriko alkateek trenaren erabiltzaileen kezkak jaso dituzte eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin batu dira, aldaketek erabiltzaileengan izan dezakeen kaltea ahalik eta gehien murrizteko. Euskotrenetik gaur adierazi duten bezala, trena betiko moduan ibiliko da Lezamatik Sondikaraino, baina handik Lutxanara abiatuko da trenbide zaharretik. Sangroizeko geralekua zabalduko da tarte horretan eta, Lutxanara ailegatzen direnean, bidaiariek metroa hartu ahalko dute, Alde Zaharrera joateko. Horrezaz gainera, tren lantzadera bat ipiniko da Sondikatik Lorurira joateko, eta puntako orduetan tren gehiago jarriko dira. Euskotrenek bidaia-txartel berri bi aterako ditu ohiko zerbitzua moztuta dagoen bitartean, eta egungo garraio txartelarekin batera egongo dira indarrean, erabiltzaileek gain-kosturik jasan ez dezaten. ‘Bono10 Konbinatua’ izenekoarekin hamar bidaia egin ahal izango dira Txorierri eta Lutxana eta Bolueta arteko edozein geltokiren artean. Bidaia bakoitzaren prezioa euro batekoa izango da. Halaber, tarifa murriztuak dituzten pertsonek ‘Bono10R Konbinatua’ eskuratu ahal izango dute. Kasu horretan, bidaiaren prezioa 0,60 eurokoa izango da. Lezama-Lutxana Lutxanako geralekua berriro zabaltzeak ahalbidetuko du joan-etorriak Txorierri eta Bilbo artean egin ahal izatea, trenetik metrora aldatuz eta alderantziz. Aurreikusitakoaren arabera, gehienez bost minutu itxaron beharko dira Lutxanako geltokian garraio aldaketa egiteko. Bestalde, orduro tren bi aterako dira 07:00etatik 10:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Sondika-Loruri Lantzadera zerbitzuak Loruri eta Sondika arteko bidaiak egiteko aukera eskainiko du. Bertan hartu ahal izango da trena linearen bi noranzkoetan. Loruri-Zazpi Kaleak Loruri-Zazpi Kaleak zatia zerbitzurik gabe geratuko da ekainaren 1etik aurrera. Bidaiariek eskura edukiko dute zerbitzu berrien informazioa, eta apirilean bidaiarien kezkak eta galderak argituko ditu Euskotrenek. Era berean, informazioa emango du arretarako telefono zenbakiaren bidez: 902 54 32 10.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).