Egutegi solidarioak

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 22a, 14:27
Gure Señeak Derioko elkarteak egutegi solidarioak jarriko ditu salgai Gabonei begira. Abenduaren 3an Ezintasuna duten pertsonen Nazioarteko Eguna izango da eta elkarteak data hori aukeratu du egitasmoa jendaurrean aurkezteko. Hala, arratsaldeko 6etan prentsaurrekoa emango dute Kultur Birikan eta Athleticeko jokalariren batek ere hartuko du parte. Aurreratu diguten bezala, egutegietan 2010. urtetik hona Txorierrin jaio diren umeen argazkiak ipini dituzte. Umeak anai-arrebekin eta senideekin agertzen dira irudietan. Egutegiak prentsaurrekoan bertan erosi ahal izango dira eta hortik aurrera leku hauetan ipiniko dira salgai: Txorierriko anbulatorioetan, Derioko eskolako Guraso elkartearen egoitzan eta herriko saltoki batzuetan. Derioko osasun-zentroko ginekologoa eta emagina orain dela urte bi jarri ziren elkartearekin harremanetan, Mungian egindako ekintza baten berri emateko. Herri horretan aurreko urteetan jaiotako umeen argazkiak zituzten egutegiak ipini ziren salgai, eta batutako dirua herriko erakunde ongile bati eman zioten. Osasun-langileek Derion ere proiektu hori aurrera eramateko proposamena egin zuten, eta diru-bilketa Gure Señeak elkarteari eman. Farmazia-laborategi batzuetara jo eta haiek ere proiektuan parte hartuko zutela adierazi zuten. Hala ere, azken momentuan atzera egin zuten eta ekintza bertan behera gelditu zen. Aurten, osasun-zentroko emagina berriro jarri da harremanetan elkartearekin eta proiektua aurrera eramatea erabaki dute. Gure Señeak elkarteak egitasmoak ekarri duen ia gastu osoa hartu du bere gain.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).