Lezama Bizirik Eguna

Aikor aldizkaria 2013ko mar. 26a, 09:02

Testua: Jabi Agirre

Aurreko urteetan bezala, Lezama Bizirik auzo elkarteak bere eguna ospatuko du apirilaren 14an. Elkarteak zenbait ekitaldi antolatu ditu egun horretarako. Hala, goizean Lezamako Kurtze auzotik Larrabetzuko Goikoelexalde auzora doan bide zaharraren zatia egingo dute oinez. Hitzordua goizeko 10etan ipini dute Kurtze auzoan, eta, besteak beste, leku hauetatik pasatuko dira: Athleti-ceko instalazioak, Garaioltza, Bazabale eta Gaztelu. Itzulera autoz egiteko au-kera egongo da. Lezama pasabide garrantzitsua izan da mendeetan zehar, bide hauek pasatzen baitziren bertatik: Bilbo-Gernika bidea, Zin Bidea, Kostaldeko Donejakue Bidea eta Urduña-Bermeo bidea. Ibilbidean parte hartuko dutenen artean informazio-orriak banatuko dira eta aipatutako bideei buruzko informazioa azalduko da bertan. Beste alde batetik, arratsaldeko 3etan bazkaria egingo dute Lezamako eskola zaharrean, eta arratsaldeko 5:30ean hasiera emango diote urteko batzar nagusiari.