Bizkaiko Pilota Federazioak estreinako aldiz antolatu du herrialdeko lau t´erdiko txapelketa, eta finalerdiak eta finalak Derion jokatuko dira, maiatzaren 4an eta 12an, hurrenez hurren. Partidek San Isidro jaiekin egingo dute bat, eta antolatzaileek espero dute kalean izango den giro aparta pilotalekuan ere egotea. “Garai txarrak bizi ditugu, eta gaur egun ez da erraza apustuak egitea, ezta dirua inbertitzea ere. Baina horregatik hain zuzen ere, orain inoiz baino indartsuago bultzatu behar dugu geure kirola, geure kultura”, esan du Lander Aiarza Derioko alkateak. Federazioak gonbidapenak banatuko ditu partidetara joateko.
Txapelketa otsailean jarri zen martxan eta guztira 206 pilotarik eman dute izena, lau mailatan banatuta: kadeteak, gazteak, 22 urte azpikoak eta nagusiak. Apirilean zehar azken faseak jokatuko dituzte eta 16 pilotaririk onenak sartuko dira lehian, finalerdietarako txartela lortu ahal izateko. “Txapelketa berri-berria da eta gure ustez, laster oso garrantzitsua izango da. Aurten espero genuen baino askoz pilotari gehiagok eman dute izena”, adierazi du Iker Amarika Federazioko presidente ordeak. EiTB-sat telebista kateak partidak eskainiko ditu.