Lagatzu Zamudioko euskera alkarteak Lagatzu Eguna – Euskal Jaia egingo dau ekainaren 29an. Bilgune bihurtu dan ekintzea da, antolatze-beharretan herriko alkarte gehienek hartzen dabelako parte. “Emon hegoak euskereari” lelotzat dauala, Lagatzu Eguna – Euskal Jaiak oso erakargarriak izango diran barritasun nagusi bi ekarriko deuskuz aurten.
Aurreratu deuskuen moduan, Agirre Lehendakaria plazan, giza mosaiko bat osatuko dabe. “Han biltzen dan bakotxak kartoi mehe bat eroango dau, eta kartoi guztiak batuta aurtengo edizinoaren leloa osatuko dogu. Argazkiak aterako dira eta mosaikoa zerutik be grabauko da. Helikoptero bat erabiliko da horretarako. Alkarte bakotxak leloaren letra bat osatzeko ardurea hartuko dau”.
Agirre Lehendakaria plazatik Leizaola plazara joango dira kalejiran eta bertan flashmob bat egingo dabe. Eskolako umeek eta gurasoen alkarteak flashmobaren koreografia asmatuko dabe eta Lagatzuko webgunean jarriko dabe ikusgai (aikor.com/txokoa/lagatzu/), parte-hartzaileek dantzea ikasi dagien. Gainera, entsegu orokor bat be egingo da. Bideo bat editatuko da, eta, bertan, mosaikoa eta flashmoba jasoko dira.
500 lagundik gora
Egun horretan egongo diran ohiko ekintzen artean merezi dau herri bazkaria aitatzea. Herri bazkaria eskola zaharreko patioan egingo da, eta, aurreko urteetako parte hartzaile kopuruari erreparatuta, antolatzaileek bertan jarriko dan karpapean 500 lagundik gora batzea espero dabe. Bazkalostea Taberna Ibiltariak girotuko dau. Herriko alkarteek harekaz batera abestuko dabe. “Euskerea kalera ateratea dogu helburu, eta euskal giroan jai-egun bat ospatu”.
Bestalde, Lagatzu euskera alkarteak ekitaldi sorta zabala antolatu eban maiatzean, Euskal Astearen haritik. Beste batzuen artean, ibilaldiak egin ziran, errefuxiatuen kanpamentuen bizi diran sahararren egoerea ezagutzeko aukerea euki eben, eta Gazta zati bat dokumentala emon zan. Antolatzaileen esanetan, guztiak oso ekintza arrakastatsuak izan ziran eta aurreikuspenak bete egin ziran.
Euskara