Greba orokorra, Txorierrin

Aikor aldizkaria 2013ko mai. 31a, 15:34

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CNT eta CGT sindikatuek greba orokorrara deitu zuten maiatzaren 30ean. Sindikatuen arabera, grebak “Gizarte-hondamendira eramaten gaituen agenda madarikatua apurtzea zuen helburu”. 2007an krisia hasi zenetik, Euskal Herrian egiten den zortzigarren greba orokorra da. Sindikatuak pozik agertu dira grebak izan duen erantzunarekin. Erakunde publikoek, ordea, orokorrean ez dute deialdiarekin bat egin eta, esate baterako, Gasteizko legebiltzarkideek osoko bilkura egin zuten, eta Bilboko zinegotziak ere batu ziren udalbatzean. Ildo honi jarraituz, CONFEBASK Euskal Entrepresarien Konfederakuntzaren iritziz, greba “porrot handia” izan da. Txorierrin denetarik egon zen. Adibidez, Sondikako Udala itxita egon zen, baina herriko denda gehienak, ordea, irekita; Zamudioko denda batzuek ez zabaltzea erabaki zuten; Larrabetzun, tabernek eta dendek bat egin zuten grebarekin eta itxita egon ziren. Txorierriko ekitaldi nagusia Larrondon egin zen, arratsaldean. Manifestazioan 200 lagun bildu ziren Troquenor enpresaren inguruan eta handik Sondikara abiatu ziren. Iratxe Azkue LAB sindikatuaren Eskuinaldeko ordezkariak esan duen moduan, industria arloan, enpresa handi gehiagok egin zuten bat grebarekin, enpresa txikiek baino. “Merkataritzan jarraipen txikiagoa izan zuen grebak, eta irakaskuntzari dagokionez, % 82k egin zuten greba eta Zamudio zein Lezamako eskolak itxita egon ziren”.