Galdakaoko Irati Bediagaren Beldarren hegaldia ipuinak irabazi du aurten “Mikel Zarate” haur literaturako saria. Idazleak haurtzaroan izaten diren beldurrak eta konplexuak umorez eta trebeziaz landu ditu ipuinean, eta horretarako, Nahia aukeratu du protagonista. Nahia 10 urteko neskatila bat da, inguruak bultzatuta balleta ikasteko izena ematen duena, baina dantza klasikoan oso eroso sentitzen ez dena. Umeengan eragina duten beste alderdi batzuk ere batu dira liburuan, hala nola lagunartea, familia eta barne mundua.
Irati Bediaga 1990. urtean jaio zen Galdakaon eta hau bere lehenengo liburua da. Gazteak Irakasle-ikasketak egin zituen eta gaur egun masterra egiten dabil. Bediagak 3.000 euro jaso ditu saritzat, eta liburua udazkenean emango da argitara. Aurten 16 lan aurkeztu dira lehiaketara.