Tximintx Derioko Euskara elkarteak 10 urte bete ditu aurten, eta urteurrena ospatzeko egun osoko jaia antolatu zuen ekainaren 14an, “10 urte eta 11 bizipen” izenburupean. Elkartekoak poz-pozik agertu dira, bertan hainbat lagunek parte hartu zutelako. “Jendea gora eta behera ibili da egun osoan zehar, eta oso giro polita izan dugu. Eta batez ere azpimarragarria da gazteak izugarri inplikatu direla jardunaldian. Gazteek indarra ekartzen diote edozein egitasmori; eta geureari dagokionez, hau da, euskarari dagokionez, gazteak badira hizkuntzaren etorkizuna”.
Tximintxek 12 orduko egitaraua prestatu zuen Kultur Birikan. Goizean, Derioko herri ikastetxeko eta Txorierri institutuko ikasleek bertan hartu zituzten eskolak; gainera, Txorierriko udal euskaltegiko ikasle eta irakasleek Euskafea antolatu zuten; eguerdian, Derioko berbalagunak elkartu ziren bazkaltzeko; ostean, Kukuke antzerki eskolakoek antzezlana aurkeztu zuten; geroago, Derioko nagusiei egindako grabazio zati batzuk ipini ziren; jarraian, Txorierri ezagutu gazte-lehiaketaren finala egin zen; beranduago, “Derioztarrak 5 Kontinenteetan” hitzaldia eskaini zen; horren ostean, Lainomendi taldeko neska-mutilek dantza agerraldia egin zuten; eta jaia borobiltzeko, 21:30ean, Tximintxen 10. urteurreneko ekitaldia egin zen.