Txorierriko herriko tabernak konfiskatzeko agindua berretsi du Gorenak

Aikor aldizkaria 2015ko eka. 19a, 12:53

Espainiako Auzitegi Gorenak Auzitegi Nazionalaren erabakia berretsi du eta 107 herriko taberna itxi eta enkantean ipintzeko agindua eman du, horien bidez ETA finantzatzen zela argudiatuta. EFE agentziatik adierazi denez, enkantearen mozkinak Altxor Publikoarentzat izango dira. Erabakiak Derioko Txapela, Zamudioko Julemendi, Lezamako Oxangoiti eta Larrabetzuko Aretxabala herriko tabernetan du eragina. Oxangoitiko arduradunen ustez, epaia ezker abertzalearen kontrako erabaki politiko bat da. “Gerra Zibiletik hona egin den ondasunen konfiskaziorik handiena da; haren jarraipena. Hau guztioi dagokigun gaia da, abertzaleoi zein abertzale ez direnei, eta pentsatzen dugu erantzun bateratu bat eman behar dugula”. Gogoratu dutenez, Oxangoitik 20 urte daramatza Lezaman euskararen eta kulturaren alde lanean. “Eta hori lapurtu digute”. Proiektua partikular askoren ekarpenari esker eraman da aurrera eta bertan sentsibilitate anitzeko lagunek eduki dute lekua. Aurtengo urtarrilean amaitu dute lokala erosteko mailegua ordaintzen. Bestalde, “abokatuarekin hitz egin behar dugu, gure aukerak zeintzuk diren jakiteko” esan digute Aretxabalatik. “Edozein momentutan norbait etorriko da epaitegitik eta lokala zigilatuko du, ziur asko. Lokala herritarrona da eta gure asmoa taberna zabalik izatea da, posiblea den arte, behintzat”. Oxangoiti ere zabalik egongo da polizia judiziala hori ixtera etorri arte. Julemendi eta Txapela itxita daude gaur egun. Deriotik adierazi digutenez, “hau beste eraso bat izan da gure kontra eta oso amorratuta gaude. Lapurreta bat da. Herrikoa ez da inoiz errentagarria izan; beraz, zelan bideratuko genituen irabaziak beste gauza batzuk ordaintzera?”. Nahiz eta taberna itxita egon, Txoria elkarteak lokala erabiltzen du batzarrak-eta egiteko. Atzo kale-agerraldiak egin ziren herriko tabernei elkartasuna adierazi eta erabakiaren aurka protesta egiteko. Bihar Zarautzen mobilizatzera deitu dute eta Txorierritik bat egin dute deialdiarekin. Era berean, ekainaren 27an mobilizazioak egingo dira herri guztietan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).