Omenaldia Derioko emakume baserritarrei

Aikor aldizkaria 2013ko urr. 8a, 15:34

Urriaren 15ean Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna izango da eta, haren haritik, Derion argazki erakusketa bat antolatu dute emakume baserritarrak omentzeko. Argazki erakusketa horretan 70 argazki baino gehiago batu dituzte, antzinakoak eta gaur egungoak. Erakusketa Kultur Birikan egongo da ikusgai urriaren 30era arte. Bestalde, urriaren 15an emakume baserritarrei zuzendutako topaketa bat egongo da, 18:00etan, Kultur Birikan. Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunak 1995. urteko Pekineko Konferentzian du jatorria, mundu osoko emakume baserritarrek euren eskubideak aldarrika ditzaten. Maite Bolunburu Derioko Udalaren Berdintasuneko zinegotziaren esanetan, Udalak emakume baserritarrekin hartu du konpromisoa, landa eremuan ere erantzukizunak partekatzea ahalbidetzen duten bideak topatzeko.