Topagune euskaltzaleen elkarteak Kameratoia Euskal Herriko ikus-entzunezko Rallya antolatu du bederatzigarren aldiz. Lehiaketa Durangoko azokako Irudienea gunean izango da abenduaren 6tik 8ra bitartean. Parte-hartzaileek 48 ordu izango dituzte hiru eta zortzi minutu bitarteko film labur bat egiteko. Izena emateko epea azaroaren 22ra arte egongo da zabalik www.kameratoia.com webgunean. Lehiaketan 18 urtetik eta 35 urtera bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute eta ekipo propioa erabili beharko dute. Filmetan hizkuntzaren presentzia ezinbestekoa izango da, ahozkoa edo idatzizkoa, eta hori euskara izan behar da.
Lehiaketak gazte euskaldunen sormena bultzatzea eta ekoizpen artistikoa gizarteratzea ditu helburu. Horregatik, Kameratoian sortutako pieza guztiak Creative Commons Aitortu – Partekatu lizentziapean zabalduko dira. Eduki kulturalak erabiltzeko lizentzia horrek, copyright ezagunak ez bezala, sormen lanen zabalkundea errazten du, baimena ematen baitu edukiok zabaldu, berrerabili eta haietan oinarrituta lan berriak sortzeko, beti ere jatorrizko egileak aipatzeko eta eratorritako lanak baldintza berdinetan partekatzeko betebeharrarekin. Aurreko edizioetan bezala, epaileek hiru sari emango dituzte, 1.200, 900 eta 600 eurokoak. Irabazleen lanen emanaldia eta sari banaketa abenduaren 8an bertan izango da Durangoko Azokako Irudienea gunean.
Euskaltzaleen Topagunea 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 euskara elkartek osatzen dute. Elkarteon zein Topagunearen beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.
Informazio gehiago:
946215116
www.kameratoia.com