Gabon-kanten jaialdia

Aikor aldizkaria 2013ko aza. 28a, 12:28

Badira 28 urte Txorierriko Gabon-kanten jaialdia lehenengo aldiz egin zela. Jaialdia Ipar-Alde Derioko abesbatzak antolatzen du urtero eta txorierritar askorentzat galdu ezineko hitzordu bihurtu da. “Bizkaian, lehenengoak izan ginen Ga­bon-kanten jaialdia egiten. Ohiko Ga­bon-kanta batzuk erdi galduta zeuden edo ez ziren abesten, eta horiek berpiztea merezi zuela pentsatu genuen”, azaldu digute abesbatzatik. “Jendetza batzen da emanaldietan eta aurten ere hala izatea espero dugu. Oso garai berezia da Gabo­netakoa eta Gabon-kantak ere oso adierazgarriak dira”. Orotara sei emanaldi izango dira. Lehenengoa abenduaren 14an, 20:00etan, San Isidro Derioko elizan izango da eta han hurrengoak arituko dira: Ipar-Alde abesbatza, Mungiako Tantak Korala eta Usansoloko Orfeoia. Zamu­dion, abenduaren 15ean, 12:00etan egingo da San Martin elizan. Kontzertua Za­mudioko Kamara Koralak, Arte Factum Bilboko abesbatzak eta Bihotz Alai Al­gortako abesbatzak eskainiko dute. Gabon-kanten jaialdia abenduaren 21ean ailegatuko da Larrabetzura. Kon­tzertua 20:00etatik aurrera izango da Andra Mari elizan, abesbatza hauen eskutik: Gaztelumendi bertako abesbatza, Santa Lucia Laudioko Korala eta Zirzina Ahots Taldea. Loiun, Txuma Olagüe Son­dikako Ahots Mistoko Korua, Agrupación Txuma Olagüe eta Bilboko Inmakuladako abeslariak arituko dira. Emanaldia abenduaren 22an izango da, 12:45ean, San Pe­dro elizan. Ekidazu Lezamako abesbatzak, Barakaldoko Eschola Chantorum-ek eta Kirikino Mañariko abesbatzak abenduaren 27an hartuko dute lekukoa. Beren emanaldia 20:00etan izango da Lezama­ko Andra Mari elizan. Txorierriko Gabon-kanten jaialdiari amaiera emango dion azken kontzertua urtarrilaren 4an, 19:45ean, egingo da San Juan Bautista Sondikako elizan. Han Txorierriko sei abesbatzek eskainiko dute kontzertua.