Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izan zen eta, urtero moduan, Txorierrin bat egin genuen geure hizkuntza omentzen duen datarekin. Egun horren haritik, erakunde publikoek, herritarrek, euskaltegiek eta euskara elkarteek hainbat ekitaldi egin zituzten. Esate baterako, Altzora Sondikako euskara elkarteak bertso-saioa antolatu zuen, Fredi Paia eta Beñat Ugartetxearen eskutik. Ostean, Anje Duhalde musikari lapurtarrak kontzertua eskaini zuen. Era berean, Lagatzu Zamudioko euskara elkarteak Zientzia ikuskizuna umeentzako saioa antolatu zuen Zamudiotorren. Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ere prestatu zituen ekitaldi batzuk Derion, azaroaren 29tik abenduaren 5era bitartean: dantza agerraldia, gazteentzako zein umeentzako antzezlanak, bertso-saioa, kalejira Taberna ibiltaria taldearekin batera... Gainera, Berbagunea antolatu zen hainbat gairi buruz berba egiteko. Hona hemen ekitaldi batzuen adibide eta irudi batzuk.