Sentsibilitate ezbardinetako lagunak, Txorierriko herri guztietatik etorritakoak, batu ziran zapatuan Lezamako frontoian, “Gure esku dago” kanpainari atxikimendua adierazoteko. Kanpainaren nondik norakoak azaldu ziran bertan, eta gure bailaran zein bailaratik kanpo erreferenteak diran txorierritarrek be bat egin eben ekimenagaz.
Aitor Elizegi sukaldariak, Juan Migel Atxutegi Derioko alkate ohiak, Etxahun Lekue bertsolariak, eta Julene Guarrotxena eta Eli Capa Athleticeko nesken taldeko jokalari ohiek manifestu bat irakurri eben. “Garai barriok bultzatuta, alkarlanaren bidetik eta era askotako pentsamoldeak batuta, pausu barri eta sakonak emoteko unea dala deritxagu”, esan eben. “Eta bide horretan, herritarrok izan beharko dogu garai honetako protagonista nagusiak. Norbanakoaren eskubideak zein eskubide kolektiboak kontuan hartuta, eskubide demokratiko eta unibersal batek batzen gaitu: erabagiteko eskubideak”. Halan, hiru ideia nagusi aldarrikatu ebezan: “Herri bat gara, erabagiteko eskubidea herritarroi jagoku, eta herritarron garaia da”.
Gorka Azkorra futbolariak eta Iraia Iturregi, Amaia Olabarrieta eta Joana Flaviano Athleticeko nesken taldeko jokalariek ezin izan zuten ekitaldian parte hartu, kanpoan egozalako. Baina bideo baten bidez adierazo eutsien beren atxikimendua kanpainari.
Bestalde, hiru bideo aurkeztu ziran ekitaldian. Horietako batean, txorierritarrek azaldu eben ekainaren 8an “Gure esku dago” kanpainaren haritik egingo dan giza katea zertan datzan, eta zer egin daiteken han parte hartzeko. Giza kateak Durango eta Iruña lotuko ditu, 123 kilometro orotara, eta txorierritarroi Uharte Arakilen kilometro bat betetea jagoku; 100. kilometroa hain zuzen be. Gitxienez 400 lagun behar dira kilometroa osatzeko, baina antolatzaileek espero dabe zifrea bikoiztea. Beste bideo baten, kanpainarako Txorierrin egindako bideoklipa emon zan; eta hirugarrenean, making of-a.
Etxahun Lekuek bertso bat bota eban eta, amaitzeko, paperezko harresi bat ipini zan, umeek era sinbolikoan apurtu ebena. Ikurrina atera eta jentetza batu eban argazkia atera zan. Ekitaldia amaitu eta Txorierriko musikariak Lezamako plataformak zabaldu eban tabernea girotzen ibili ziran ordu txikiak arte. Gainera, ekitaldira bertaratutakoek kamisetak eta giza katerako metroak erosteko aukerea euki eben arratsalde osoan zehar.