Euskararen Eguna, Txorierri Politeknikoan

Aikor aldizkaria 2014ko ots. 18a, 15:20

Testua eta argazkiak: Txorierri Politeknikako Euskara Batzordea

Otsailaren 7an, Euskararen Eguna ospatu zen 15. aldiz Txorierri Politeknikoan. Ekintzak helburu bi eduki zituen: alde batetik, eskolan euskarari bultzada bat ematea; eta bestetik, ikasle eta irakasleen arteko harremana indartzea. Futbito txapelketaren finalak hasiera eman zion egunari. Hura jokatu zuten talde biek gogo handia azaldu zuten irabazteko. Bitartean, txokolate beroa eskaini zitzaien hurbildu ziren guztiei. Handia izan arren, lapikoa laster hustu zen eta txokolatea, noski, bizkotxo batzuekin lagundu genuen. Ohikoa denez, ikasgelen arteko lehiarekin jarraitu zuten: penaltiak, hirukoak, lokotxak, txapel jaurtiketa, zaku eta triziklo lasterketak, txingak, sokatira... Lehiaketa 1ARI-ko taldeak irabazi zuen, baina epaimahaiak erabaki zuen 1ECA-ko taldeari sari berezi bat ematea, bere kideek eduki zuten inplikazio eta parte-hartzeagatik. Haien kamiseten kolore berdea nabaria izan zen bazter guztietan. Egunari bukaera emateko, Fikako sagardotegian bazkaldu zuten eta Oihana Bartra eta Gorka Lazkano bertsolariek saio eder bat eskaini zuten bertan. “Ezin da ahaztu ospakizunaren aitzakia euskara izan dela. Eta gure hizkuntza iraun dezan, gure esku dagoena egin behar dugula. Hitz egiteko ohitura behar dugu, oztopo eta traba guztien gainetik. Bakoitzaren apur batekin asko lor daiteke”, esan zuten antolatzaileek.