Urko Aristi, TOKIKOMen presidente berria

Aikor aldizkaria 2014ko ots. 24a, 12:57

TOKIKOM, toki komunikabideen bateraguneak Batzar Nagusia egin zuen zapatuan MUren Aretxabaletako komunikazio kanpusean. Toki komunikabideek duela bi urte elkartea sortu zutenetik egindako bidea errepasatu ondoren, egitasmoa sendotzea erabaki dute batzarrean. Mikel Irizarrek gogorarazi zuenez, “TOKIKOM eratu genuenean, bi urteko epea eman genion egitasmoak etorkizunik ba ote zuen jakiteko. Egindako bideari erreparatuta, argi daukagu TOKIKOMek hartu dituela tokia eta funtzioa”. TOKIKOMen sorrerako hiru helburu nagusiak, eta haietan egindako lanak ekarri ditu gogora gaur arte presidentea izan denak: • Esparru komunen kudeaketa: TOKIKOMek urrats onak egin ditu alor honetan. Nabarmenena, tokiko agerkari digitalak sortzeko garatu duen plataforma –CodeSyntaxek egina- azken urtean bost agerkaritarako erabili dena: ataria.info, guaixe.net, goiena.net, anboto.org eta datozen egunetan aurkeztuko den uriola.info. Elkarteak hutsune nabarmenak ditu oraindik kudeaketa komertzial bateratuari dagokionez, eta bide horretan berrikuntza lantzeko ildoak daude onartu den Kudeaketa Planean. • Solaskidetza bateratua: TOKIKOMek tokiko hedabideen ordezkari gisa jardun du erakunde publiko eta pribatuen aurrean, baita sektoreko beste eragileen aurrean ere. Besteak beste, parte hartze oso aktiboa izan du HEKIMEN elkartearen sorreran eta lehen txanpan, eta erakundeekin lankidetza egonkortzeko bideak jorratzen ari da TOKIKOM. • Garapen eta integrazio posibleen diseinua: gogoetaren aldetik ere TOKIKOMek aurrerapausu handiak egin ditu. Nabarmenena, 2013ko azaroan aurkeztu zuen “Euskal hedabideen etxea” gogoeta, sektore osorako tresna gisa pentsatu dena, eta ondorio ezin interesgarriagoak jasotzen dituena. Fase berria Egindakoa oinarri eta eskarmentu, TOKIKOMen hasierako egitasmoa zehaztea onartu zen batzarrean. Abioko fasea gaindituta, erakundearen garapen ildoak eta negozio eredua definituko dira, eta egindako gogoeta ekarriko da epe ertaineko plan batera. 2014 beraz, TOKIKOM sendotzeko urtea izango da. Fase berri honi begira, TOKIKOMek aldaketak egingo ditu bere organo nagusietan. Presidentetza Urko Aristiren esku utzi du Mikel Irizarrek, eta Administrazio Kontseilua handitu egin du, 8 lagunetik 12ra, organoaren errepresentatibitatea eta bazkideekiko komunikazioa hobetu asmoz. “Bi urteotan bide ona egin dugu, eta oinarri on bat jarri da TOKIKOMek aurrera egin dezan. Lehen txanpa indartsua izan da; orain egindakoa sendotu behar da eta epe ertaineko plan bat landu. Uste dut badagoela aukera euskal hedabideak lankidetzan jartzeko eta horretarako oso mesedegarria izango da TOKIKOM indartzea. Esku honetan geratzen da ontziaren lema”, aipatu zuen Irizarrek. “Mailope bezalako elkarte txiki baten ordezkari naizen heinean ongi aski dakit zein beharrezko den denak elkartu eta sinergiak sortzea. Eta filosofia horretan kide guztiak bat datozenez, badakit marinel guztiak norabide berdinean arituko direla eta lan erreza izango duela patroiak. Orain arte Irizarren gidaritzapean egindako bidearekin guztiz ados egonik, norabide berdinean jarraitzeko konpromisoa hartzen dut, dagoeneko abiatutako egitasmoak sendotu, eta beste ekimen berriak abiaraziz. Zentzu horretan pozik nago bereziki Nafarroan agerkari digital zein euskarazko telebista berriaren asmoak aurki gauzatu, eta trabak traba, amets izatetik errealitate bihurtzeko bidean direlako”, gaineratu zuen Aristik. TOKIKOM plataforma, hedatze fasean 2014an jarraitu egingo du TOKIKOM plataformaren hedapenak, bi helbururekin: toki komunikabideen bateratzea eta eraginkortasuna areagotzea, alde batetik, eta bestetik herritarrak eta gizarte erakundeak aktibatzea informazioaren sortzaile ere izan Aurreikuspena da beste bospasei zonaldetan agerkariak abiatzea eta, besteak beste, Uribe-Kosta, Iruñerria eta Nafarroako Mendialdea aipatu ziren batzarrean. Agerkari berriak egiteaz gain, dagoeneko abiatu direnak elkarrekin saretzeko urtea izango da 2014a, txikien baturatik emaitza handiak lortu daitezkeelakoan. Azpimarratu zutenez, ahalegin handia egingo da Bilbon datozen egunetan aurkeztu behar den uriola.info agerkari digitala indartzeko, eta berdin Iruñerrian oraindik diseinu fasean dagoena gauzatzeko, bi hiriburu horietan toki komunikabide sendoak egotea estrategikotzat jo baitute euskaltzaleak azaleratzeko eta saretzeko.. TOKIKOM SL 2012an sortu zuten 20 toki komunikabidek, eta gaur egun Euskal Herri osoko 27 eragilek osatzen dute. Guztien artean, formatu eta euskarri guztietako 47 komunikabideko sarea osatzen dute.