Txorierri, urdina

Aikor aldizkaria 2014ko mar. 19a, 13:13

Gure Esku Dago ekimenak giza-katea antolatu du ekainaren 8rako, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko eta herritarrok prozesu horretan dugun garrantzia azpimarratzeko. Horren haritik, hainbat ekitaldi antolatzen dabiltza eskualdeka, eta Txorierriko taldeak egin duen azkena txori-martxa izan da, Larrabetzun, martxoaren 16an. Ekimenaren kolorea urdina da eta igande horretan Txorierri ere izan zen urdina. Eta batez ere Larrabetzu, ekitaldi nagusiak han antolatu zirelako. Parte-hartzaileak 9:00etan abiatu ziren Sondikatik Larrabetzura. Hamahiru kilometroko ibilbidean aurrera egin ahala, Txorierriko gainontzeko herrietako lagunek bat egiten zuten martxarekin. Guztira 400 lagun bildu ziren Larrabetzun. Herriko plazan dantza tailer erraldoia egin zen Astrapala taldearen eskutik. Josu Zarateren gidaritzapean, ohiko dantzak egiteko aukera egon zen. Ondoren, Taberna Ibiltaria taldeak kantaldia eskaini zuen. “Giroa aparta sortu zen eta eguraldia lagun izan genuen. Gainera, gazte eta ume pilo bat etorri ziren eta hori oso garrantzitsua da”, esan dute antolatzaileek.